Barakaldoko (Bizkaia) Zuazo eta Atarrabiako (Nafarroa) Beti-Onak eskubaloi klubak jokatu dute gaur eguerdian Orioko Eragin eskubaloi elkarteak antolatutako IV. Eragin Torneoa. Espainiako eskubaloiko lehen mailan dabiltzan bi klubak neurtu dira Karela kiroldegian denboraldi aurreko partidan.
Partidako lehen minutuak berdinketez beteta egon da, baina lehen zatiko azken minutuetan ihes egin du markagailuan talde bizkaitarrak. Hala, atsedenaldira lau goleko aldearekin joan da Zuazo (16-20). Indartsu itzuli da Beti-Onak aldagelatik eta 45. minuturako 26na berdintzea ere lortu du. Baina, lehen zatian gertatu bezala, partidaren amaieran berriz ere erasoan gehiago asmatu du Zuazok eta 30-34 emaitzarekin irabazi du Orioko torneoa.