Hondarribian eta Pasaian izango ditu Oriok hurrengo hitzorduak

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 8a, 10:04

Orio B ontzia, pasa den larunbatean Orion bertan jokatutako estropadan. (Onintza Lete Arrieta)

Larunbatean Hondarribian jokatuko dituzte Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak. Igandean, berriz, Pasaian.

Gipuzkoako ekialderantz egingo dute desplazamendua Orioko Arraunketa Elkarteko ontziek datorren asteburuan. Larunbatean Hondarribian jokatuko dituzte Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak, eta egun bat geroago, igandean, Pasaian.

Larunbatean, 17:25ean hasita, Euskotren Liigarako puntuagarria den XVI. Txingudiko Bandera izango da jokoan. Haren amaieran, 18:21ean hasita, Hondarribiko XXXVII. Bandera jokatuko dute Eusko Label Ligan aritzen diren traineruek.

Oso urrutira joan gabe, Pasaian jokatuko dituzte igande eguerdian bi ligetarako puntuagarriak diren arraunketa saioak. 11:21ean hasita, Euskotren Ligako Gertu Eraikuntza Bandera jokatuko dute. Hura bukatuta, Eusko Label ligako I. Adinberri Banderako lehiakideen txanda izango da.

Gizonetan, KAE1 ligan ari den Orioren B ontziak ere hitzordua izango du igandean, Hondarribian. Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako XVIII. Bandera jokatuko dute igande arratsaldean, 16:00etan hasita. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide