Jokin Perona oriotarra, Gipuzkoako Ogasun diputatua, hil egin da Zamorako (Gaztela eta Leon, Espainia) Peleas de Abajo herrian izandako istripu batean. Bart izan da gertakaria, 21:15ak aldera. 10 urteko semearekin bizikletan zebilen auto batek harrapatu dituenean. Istripuaren ondorioz, Jokin Perona hil egin da; semea, berriz, onik atera da.
Berria egunkariak aurreratu duenez, Guardia Zibilak ikerketa zabaldu du gertakaria argitzeko. Aurreratu du autoaren gidariak negatibo eman duela alkoholemia kontrolean. Peleas de Abajokoa da Peronaren emaztea, eta hango alkateak iragarri du dolua ezarriko dutela Zamorako herri horretan.
Ohar baten bidez, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak doluminak eman dizkio Peronaren familiari. "Egunero bere onena ematen zuen zerbitzari publiko handi bat zen, beti ere energiaz, positibotasunez eta indarrez. Galera handia da Euskadi osoarentzat", azaldu du Mendozak. "Ezin gara eskertuago egon profesional bikain eta pertsona ezinhobe honekin elkar hartuta lan egiteko aukera izan dugulako", gaineratu du. Orioko Udalak ere oharra kaleratu du gertakarien aurrean Peronaren senide eta gertukoenei doluminak bidaltzeko.
Orion 1978. urtean jaioa, Enpresa Zuzendaritzako Administrazioan lizentziatua zen Jokin Perona. 2015ean sartu zen Gipuzkoako Foru Aldundian, Ogasuneko zuzendari nagusiaren ardura betetzeko. 2020an, Ogasun eta Finantza diputatu izendatu zuten. Lau urte hauetan egindako lanen artean, Ticket Bai sistemaren ezarpena, mutualistei berriki egindako itzulketak eta datozen hilabeteetan jorratuko den erreforma fiskala prestatzeko lanak aipatu ditu Mendozak. "Langile perfekzionista, zintzoa eta apala zen, eta zailena beti erraza izatea lortzen zuen", azpimarratu du diputatu nagusiak.