Orio Kanpina bandera zen jokoan gaur Orion, eta etxeko traineruek bereziki lan ona egin nahi zuten gaur zaleen aurrean. Ahalegina egin dute, baina itsasoa erabat zakartuta jokatu behar izan dute gizonek ohorezko txanda, eta horrek emaitzan eragina izan du: hamargarren gelditu da Orio –Urdaibai liderra ere bosgarren izan da gaur–.
Mikel Arostegi entrenatzaile oriotarrak Orio Gukari azaldu dio "arraunak berea" duela batzuetan txanden artean halako aldeak egotea, eta "urtero estropadaren batean bigarren txandakoak garaile" izaten direla. "Gaur bigarren txandarako hasi da mugitzen, eta gure txandarako ura gero eta harroago zegoen, eta gainera, beranduago hasi gara lehian, Zierbena GPSa ezin jarrita ibili delako", azaldu du. "Eguerdi partean haizeak beti gora egiten du itsasoan, batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago, eta gaur kristorena egin du", gaineratu du.
Eguraldi kontuak alde batera utzita, ordea, aitortu du beren estropada ez dela izan oso konpletoa: "Atzean gelditzen hasi gara, segundoak erraz joaten dira, eta ez dugu gure estropada egin", esan du.
Gaur hamargarren eginda, ohorezko txandatik bigarren txandara jaitsi da Orio. Gaurko estropadatik pena gehien horrrenbeste puntu galtzeak eman dio Arostegiri. Bestelakoan, hurrengo estropadei begira, horrek bere alde ona ere izan dezakeela uste du oriotarren entrenatzaileak: "Aurtengorako gure hasierako helburua bigarren txanda dominatzea zen, eta konturatu gabe kristoren estropada pila egin ditugu ohorezko txandan, eta handien tartean ez duzu gustura egiten estropada, besteak aurrera joaten zaizkizulako. Ea orain bigarren txandan egoteak arraunketa sendotzeko eta berriz martxa hartzeko parada ematen digun; izan ere, txanda irabazteak beste patxada bat ematen du".
Orio Kanpina bandera. Sailkapena:
Eusko Label ligako sailkapen orokorra: