Atzo Castro Urdialesen (Espainia) Euskotren ligako 11. jardunaldian laugarren izan ziren Orioko emakumeak –Arraun Lagunak garaileagandik 22 segundora–, eta "lehiatik kanpo geldituta", taldea "sentsazio oso txarrarekin" gelditu zela azaldu dio Itxaso Azkonobieta arraunlari oriotarrak gaurko estropada amaitu berritan Gukari. Gaur, berriz, hirugarren izan dira etxean, Orio Kanpina banderaren lehian, eta bederatzi segundoko aldea egon da aurreneko hiru traineruen artean –Arraun Lagunak nagusitu da gaur ere eta Tolosaldea izan da bigarren–.
Etxeko estropada beti izaten da berezia eta garrantzitsua taldeentzat, "motibazio plus hori bazeukan estropada honek", eta ahalik lan onena egitera aterata, "sentsazio hobearekin" amaitu dute estropada. "Alde horretatik, gustura" direla esan du oriotarrak.
Dena den, arantza ez dute erabat atera, "oraindik estropadetan ez garelako ari ematen entrenamenduetako maila". Aldaketa zerk eragin duen galdetuta, Azkonobietak uste du beren buruei jartzen dieten presioa "albo batera" uztea lortu dutela gaurkoan. Alderdi teknikoan ere egon da alderik, baina horiek talde barruan gelditzen diren kontuak direla gogorarazi du.
Egnez egun lanean jarraitzeko asmoa agertu du Azkonobietak, eta nabarmendu du aurtengo helburua dela taldearen bizkarrezur berria egonkortzea eta sendotzea hurrengo urteei begira –aldaketa asko egon baitira traineruan iaztik hona–. "Ondo ari garela uste dut, eta datozen urteetan emango dituela bere emaitzak", esan du taldekide beteranoak.
Gaur Orion ezusteko gutxi egon da emakumeen estropadan, eta Arraun Lagunak taldearentzat izan da hamabigarren trapua ere.
Euskotren liga, Orio Kanpina bandera. Emaitzak:
Gizonetan, haizea erabakigarri
Emakumeenean ez bezala, gizonen estropadan egon da ezustekorik, bigarren txandako Hondarribia izan baita bizkorrena gaurkoan, haizeak eta korronteek lagunduta. Horiek okertu egin dira hirugarren txandarako, ohorezko txandakoen kaltetan.
Hala, Hondarribia, Zierbena, Getaria eta Lekittarra izan dira aurreneko lau sailkatuak gaurkoan –soilik Zierbena aritu da hirugarren txandan–, eta Oriori estropada osoan zehar sufritzea tokatu zaio. Hamargarren gelditu da etxeko taldea, Hondarribigandik minutu erdira. Atzoko garailea, Urdaibai, bosgarren izan da gaur.
Dena den, lider jarraitzen dute bizkaitarrek sailkapen nagusian, Zierbenari hamar puntuko aldea aterata. Oriok postu bat galdu du, eta bosgarren da orain.
Eusko Label ligako sailkapen orokorra: