Eguraldi dotorearekin jokatu dituzte ETE eta KAE1 ligetako estropadak gaur arratsaldean errioan. 15:30ean abiatu dira emakumeak, eta 16:00etan gizonak, eta Orio B traineruak lan ona egin du etxean zaleen aurrean erlojuaren kontrako lehia, eta zortzigarren gelditu da gaurko sailkapenean. Zazpigarren tokia ere esku-eskura izan dute OAEko mutilek, Deustorekin berdinduta gelditu baitira –20:46:46 egin dute bizkaitarrek, eta 20:46:77, oriotarrek–.
San Juanek eraman du Orio Kanpina bandera, gainerako taldeei sekulako aldea aterata –San Juanek 19:54 denboran burutu du erlojupekoa, eta bigarren izan den Arkotek, 20:23 denbora egin du–. Zumaiak gertu izan du bigarren postua, 20:24 denbora eginda, eta Zarautz, berriz, seigarren izan da.
Hondarribian (Gipuzkoa) izango dute hurrengo lehia, abuztuaren 11n.
Emakumeetan, berriz, segundo bakarragatik ez du bandera irabazi Zumaia Deltecok. 10:52 egin dute zumaiarrek, eta 10:51, Astillerok.
Hain zuzen, Astillero da lider sailkapen orokorrean, 75 punturekin. Zumaiak 72 ditu, eta Zarautz da hirugarren, baina oso atzean, 58 punturekin. Gaur laugarren izan dira zarauztarrak.
Hurrengo jardunaldia hilaren 10ean izango dute, Ondarroan (Bizkaia).
o