Bihar arratsaldean ezohiko tokian zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango dute oriotarrek, Martin de Marte zarauztarrak kontzertua eskainiko baitu 19:00etan Aritzaga plazan (Kutixi aurrean).
Arkupe merkatari eta ostalari elkarteak antolatu du saioa, bi helbururekin: estropada eguna izanik, jendea herrian gelditzea iluntze partean, eta gazteek Arkupe elkartea ezagutzea. "Arkupek urte asko daramatza herrian giroa jartzen eta ekintzak antolatzen, baina sentsazioa genuen ez ginela ari gaztetxoengana iristen, eta askok ez zekitela Arkupe zer zen ere". Martin de Marteren musika estiloa gazteentzat zein helduagoentzat aproposa dela iritzita aukeratu dute talde zarauztarra ekartzea, eta baita "kontzertu bat antolatzea zeharkako ekintza delako, eta ez zuzenean kontsumoa bultzatzen duena".
Hori bai, Eusko Gudari kalearen ondoren, Aritzaga plaza ingurua iruditzen zaio Arkuperi elkarteko bazkide gehien dagoen gunea, batez ere ostalaritzakoa, eta horregatik ere hautatu dute toki hori kontzertua emateko herriko plazan beharrean.