- Structure in emotion (Avishai Cohen)
"Jazz munduko kontrabaxujole gogokoena dut Avishai Cohen israeldarra, eta zaila da bere kantu guztien artean bakarra aukeratzea. Hala ere, estruktura eta emozioen artean egiten duen oreka-jolas erritmiko eta melodiko hau ezin dut kanpoan utzi. Adi entzun ia-ia hirugarren minutura iristear dagoenean egiten duen aldaketa xelebreari!".
- Mechita (Silvia Perez Cruz)
"Beti izan du berezko Silvia Pérez Cruzek bera bezain musikari bikainez inguratzeko dohaina, kantu kreole honetan bezala. Musika klasikotik at kalitatezko ganbera musika egin daitekeenaren adibide ederra".
- Chaconne from Violin partita no. 2 in D minor BWV 1004 (Bach)
"Ezin dut Bachen Txakona zerrenda honetatik kanpo utzi (are gutxiago Satok interpretatua bada, estilo historizista errespetatuz), soilik biolinerako inoiz idatzitako piezarik bereziena delako. Arkitekturarekin konparatuko bagenu, sekulako katedrala. Bereziki ederra piezaren erdialdean tonu minorretik maiorrera pasatzen den unea".
- A Rita (Chico Buarque)
"Idazlea izateaz gain, hainbeste maite dudan Brasilgo musikaren eredu bat delako aukeratu dut Buarqueren kantu hau. Instrumentazio handiagoekin ere kantu beraren bertsio desberdinak izanik ere, bere kitarrarekin kantatzeko sinpletasuna dut gustuko, kolore harmonikoak mantentzeko gai baita horrela ere".
- Gustav Mahler Symphony No 4 Movement 3 (London Symphony Orchestra)
"Helburua bost kantu proposatzea bada ere, Mahlerren sinfonia bat aipatu gabe gelditzea ezinezkoa zait. Hamaika adibide eder aukeratu eta gomendatu ahal nituzke, baina hauxe gehitzea erabaki dut zerrendara, gizatasunean fedea galtzear zauden unean, laugarren sinfoniako hirugarren mugimendua entzuteak ia beti laguntzen baitu".