Zer liburu gomendatuko zenuke uda honetan hondartzara edo mendira eramateko?

Erredakzioa 2024ko abu. 5a, 09:00

Ezkerretik hasita, Joaquina Cabrero, Miren Andueza eta Iker Gurrutxaga. (Guka)

Uztaileko Aia Orio Guka aldizkarian, Herrian galdezka atalean, honako galdera egin diegu hiru herritarri.

Miren Andueza (Orioko liburuzaina)

"Udan, hondartzara eramateko baldin bada, irakurleek liburu arinak nahi izaten dituzte; halakoen bila etortzen dira, behintzat, udal liburutegira. La Vecina Rubiaren liburuak, esaterako, egokiak izan daitezke, erraz irakurtzekoak baitira. Gaztelaniazkoak dira horiek.

Euskarazkoak gomendatzea zailagoa iruditzen zait, baina Arantxa Urretabizkaiarenak eta Karmele Jaiorenak izan daitezke.

Batzuek hondar pixka batekin bueltatzen dituzte liburuak, eta gero nik kentzen dizkiet hondar aleak. Kanpora oporretara eramateko dituztenean, berriz, liburua itzultzeko epea luzatzeko eskatzen didate.

Urtean zehar, intrigazko liburuak aukeratzen dituzte gehienek; umeek eta gaztetxoek, berriz, komikiak eta bildumak izaten dituzte gustuko".

Iker Gurrutxaga (Naiz irratiko esataria)

"Bi musikarik idatzitako liburuak gomendatuko nituzke uda honetan hondartzara eramateko. Lehenik, Gartxot Unsainen Arin nira eta Nora(ez)eroso lanak, biak ala biak uda girokoak direlako eta erraz irakurtzen direlako. Batez ere 30 eta 40 urteen bueltako krisian diren herritarrentzat moduko liburuak dira.

Bigarrenik, Lide Hernandoren Izotz ura liburua gomendatuko nuke, batez ere uda sasoiaz, festez, kontzertuez eta musikaren munduaz idazten duelako. Eroso irakurtzen da, eta 13 urtetik gorako edozeinek irakurtzeko modukoa iruditzen zait.

Bi liburu horiek politak dira irakurtzeko, azkar irakurtzen dira. Adibidez, Arin nira arratsalde batean irakurtzeko modukoa da. Aldiz, Izotz ura zortzi edo bederatzi ordutan irakur daiteke".

Joaquina Cabrero (irakurzalea)

"Irakurzalea naiz oso, eta hondartzara liburuarekin joateko ohitura daukat. Hondartzarako aproposa da, esaterako, Megan Maxwellen Hasta que salga el sol [Eguzkia atera arte]; oso polita da, entretenigarria eta arina. Neu, normalean, goizetan joaten naiz hondartzara; ederra da olatuen soinua entzunez irakurtzea. Hori bai, hizki tamaina handia duten liburuak aurkeratu behar izaten ditut, bestela asko nekatzen zaizkidalako begiak.

Askotan hartzen ditut liburuak udal liburutegitik. Anne Jacobs idazlearenak, esaterako, mordoa irakurri ditut; baita Sara Larkenak ere. Liburu erromantikoen zalea naiz, baita intriga nobelen zalea ere; Dolores Redondoren guztiak ditut irakurrita. Lucinda Rileyren Las siete hermanas [Zazpi ahizpak] ere izugarri polita da".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide