Orioko Udalak erabaki du pankartak jartzeko tramitea arintzea. Orain arte, pankarta jarri nahi zuen eragileak edo norbanakoak eskaera egin behar zion udalari eta baimena jaso arte itxaron. Udala konturatu da, ordea, askotan, berehala jartzekoak izaten direla pankartak, gertatu den zerbaiti erantzuteko. Hori horrela, egin beharreko tramitea arintzea erabaki du udalak. Aurrerantzean, baimena eskatu gabe, eragile edo norbanakoek zuzenean jarri ahal izango dute pankarta, eta ondoren jakinarazi udalari.
Horretarako, eskaera orria bete beharko da. Bertan hainbat datu zehaztu beharko dira. Besteak beste, eskatzailea, nortasun agiria, izena, helbidea, e-maila, pankartaren zehaztasunak (leloa, noiztik noiz arte, lekua).
Orain arte bezala, pankartak jartzeko bi gune izango dira herrian: tren-geltokiaren ondoko errotondaren baranda eta zubipeko pasabidearen gaineko baranda. Pankartak bi toki horietan bakarrik jarri ahal izango dira. Baldintza batzuk bete beharko dituzte, ordea: pankartak bridekin lotu behar dira, eta horrez gain, arriskuak eta eragozpenak saihesteko, ondo lotuta jarri beharko dira, haizearekin ez askatzeko modua. Barandaren pinturari eta egiturari kalterik egin gabe jarri beharko dira, eta erretiratzerakoan dena lehen bezalaxe gera dadin, pankarta jarri duenaren ardura izango da hura kentzea, behin aldarrikapenaren eguna pasatuta edota 10 egun igaro ondoren.
Ingurua txukun utzi beharko du, lehen zegoen bezalaxe eta pankartan ez da mezu iraingarririk onartuko.