Teink Trofeoaren partaideek Orion egingo dute geldialdia ostegunean

Andrea Zipitria 2024ko uzt. 23a, 12:00

Pasa den urte bateko Teink Trefeoa.

Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Ur-Ikara elkartearen Teink Trofeoa batel txapelketaren partaideak izango dira Orion, uztailaren 25etik 26ra bitartean. Kiroldegian egingo dute lo eta afaria herriko plazan eskainiko zaie, aurreko aldietan bezala.

Teink Trofeoaren 31. edizioan parte hartzen duten batelak Castro Urdialesetik (Kantabria) atera dira dagoeneko, eta ia 85 itsas miliako (157 km) distantzia egingo dute, harik eta uztailaren 27an, larunbatarekin, Donibane Lohizunera (Lapurdi) iritsi arte.

Tartean, Orion porturatuko dira. Hain zuzen, hilaren 25ean, ostegunarekin, 4.etapari amaiera emango diote herrian. Aurreikuspenen arabera, 14:00-15:00 inguruan iritsiko dira Herriko Plazaren parera. Biharamunean, goizean, txapelketa berrabiatuko dute Donostiara bidean. Batelak bost eta sei metro bitarteko arrantza txikiko ontziak dira, ohikoak Euskal Herriko kostaldean.

1993an lau lagunek euskal kostaldea zeharkatu zuten arraunean, bidean zenbait geldialdi eginez, Teink izeneko bateletan. Ordutik, Teink Trofeoa antolatu da urtez urte. Antolatzaileen hitzetan, "Teink ez da itsas txapelketa soila". Hain zuzen ere, "Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko senidetasun gune" izan nahi du, "kultura, tradizioak eta itsasoa maite dituzten pertsonak elkartuz", bai eta "esperientziak trukatuz" ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide