Irailean egin ohi dituzte Orioko Gazte Festak, eta denbora daramate horiek prestatzeko lanetan Etxeluze gaztetxean. Azkenean, baina, aurtego festak bertan behera uztea erabaki dute, eta atzo gauean oharra plazaratu zuten arrazoiak azalduz. Funtsean, festak antolatzeko jende falta dagoela esan dute.
Azaldu dute apirilean egin zutela aurreneko batzarra eta espero zutela gazte askok parte hartzea "iazko festaren arrakasta ikusita". Beraien harridurarako, baina, zazpi lagun bakarrik elkartu omen ziren. Horren aurrean, herrian pare bat pankarta jarri zituzten "mezu zuzen eta oldarkorrekin", eta bigarren batzarrean hogei lagun elkartu zirela esan dute. Hirugarrenera, ordea, hamar lagun bertaratu omen ziren.
Kontuak kontu, egitaraua prestatzen jarraitu zuten, eta joan den astean, hilaren 12an, egitekoak ziren aurreneko ekintza, baina bertan behera gelditu zen, "besteak beste, antolakuntzakook genuen neke eta etsipenagatik".
Antolatzaileek "eskerrak" eman nahi izan dizkiete bileretara joan diren herritarrei, eta "salatu" nahi izan dute "oriotar gazteen gaitasun falta festak antolatzeko". "Oso barneratuta dugu besteek dena aurrera eramango dutenaren ustea. Espero dugu aurtengo erabakiak hori falazia galanta dela erakusteko balioko duela; ez hori bakarrik, bakoitzari bere jarreraz hausnartzea ere eskatzen diogu".