Larunbatean Zumaian jokatuko da arraunlari beteranoen traineru estropada

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 18a, 09:30

Badok13 Sestaoko estropada irabazi berritan. (Badok 13)

Zumaiako XI. Beteranoan Bandera jokatuko dute larunbat arratsaldez. Erlojuaren aurkako estropada izango da, eta Urolaren itsasadarrean jokatuko dute.

Arraunlari beteranoen ZIPR ligako azkenaurreko estropada jokatuko dute larunbat arratsaldean Zumaian. Zumaiako XI. Beteranoen Bandera izango da jokoan eta bertan izango dira beteranoen liga lehiatzen ari diren ontziak.

Arratsaldez jokatuko dute estropada, 16:30ean hasita. Erlojuaren aurka arituko dira, eta zaletuek hurbiletik jarraitzeko aukera izango dute, arraunketa saioak Urolaren itsasadarrean jokatuko baitituzte. Hala, ontziek 3.500 metroko lana egin beharko dute, hiru ziabogarekin. Irteera eta helmuga Itsas kiroldegi pareko pantalanean kokatuko dute; ziabogak, aldiz, Aita Mari jatetxe aurrean eta errioan gora, trenzubiaren aurrean, hain zuzen.

Lehenbizi, lehen txandan, traineru gonbidatuak edo ligan ari diren klubetako B ontziak lehiatuko dira, orden honetan: Plentzia B, Getxo B, Iberia B, Bilbao B, Zumaia B, Pontejos B eta Badok 13 Orio B.

Bigarren eta hirugarren txandan ZIPR ligako traineruak izango dira lehian, sailkapenean dituzten postuen arabera: Sestao, Iberia, Plentzia, Bilbao, Pontejos eta Mundaka bigarren txandan; eta Fortuna, Santurtzi, Getxi, Zumaia eta Badok 13 Orio hirugarrengoan edo ohorezkoan.

Plentzian garaipena

Orioko beteranoek aurrena egin zuten pasa den asteburuan Plentzian jokatutako XVI Karmengo Ama Ikurriña. Emaitza honen ondoren, Badok 13k irabazi du dagoeneko liga –141 puntu ditu gaur gaurkoz–.

Behin Zumaiako hitzorduaren ondoren, ligako azken jardunaldia Getxon jokatuko dute hurrengo asteburuan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide