Piano lehiaketa berria estreinatu dute aurten Bilbon –I. Villa de Bilbao – eta han parte hartu du Ane Blazquez musikari gazte oriotarrak ekain amaieran. Ez da esku hutsik itzuli, gainera, hirugarren saria eskuratu baitu 16 urtez azpikoen mailan.
"Urduritasuna sentitu nuen arren, esperientzia oso polita izan da", gogoratu du Blazquezek. Hausnarketa ere egin du: "Uste dut asko ikasi dudala beste pianistei entzunez. Gauza berri ugari ikasi ditut; esaterako, nola ikasten duten beste batzuek". Oriotar bakarra izan zen lehiaketan, nahiz eta berak ikasten duen Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioko kide bakarren bat gehiago ere joan zen txapelketara.
Lehiaketan maila altua egon dela uste du oriotarrak: "Nire kategorian, behintzat, maila oso altua egon zen; oso pieza potenteak eskaini genituen gure adinerako".
Lehiaketetan parte hartzea gustuko du oriotarrak, eta askotan parte hartu du dagoeneko: "Gustatu egiten zait neure burua kontzertu edo lehiaketa mailan jartzea. Andoaingo Piano Txapelketan, esaterako, jo izan dut pianoa, eta 12 bat urterekin aipamen berezia irabazi nuen".
Goi mailako ikasketak egiteko prest
Blazquez 7-8 urterekin hasi zen pianoa ikasten Orion, Danbolin musika eskolan, eta "trebea" zela ikusita, musika eskolan animatu egin zuten Donostiako kontserbatorioan izena ematera. "Probak egin nituen, eta orain 5.maila profesionalera pasatuko naiz; sei maila daude, eta beraz, bi urte falta zaizkit", azaldu du.
Bukatu arte jarraituko du pianoa ikasten, eta aurrera begira ere musikarekin lotuta segiko du, musikako goi mailako ikasketak eginez: "Nire denbora guztia musikari eskaini nahi diot", esan du, argi.