Orioko Emakumeen Etxeak, lehen ikasturtearen balorazioa egin du. Izan ere, irailera arte, itxita izango dela iragarri dute. Bada, ateak ireki zituenetik eskainitako zerbitzuetako datuak eman dituzte, baita artatu dituzten indarkeria matxista kasuen berri eman dute.
Arduradunek azaldu dute ikasturtean zehar mota ezberdinetako 13 indarkeria matxista kasu artatu dituztela Saregilen. Biktimen nahien eta beharren araberako erantzuna eman da, protokoloari jarraituz. Oro har, Saregilen eskainitako zerbitzu juridikoa eta psikologikoa eman zaie biktimei eta, egoerak hala eskatzen zuenean, Gizarte Zerbitzuetara bideratu dira, handik Gipuzkoako Foru Aldundiko zerbitzu jakinen bat martxan jartzeko.
Eragin kolektiboa izan duen kasu bat ere artatu dute udalak eta Saregilek Orioko kirol elkarte batean. Kasu honetan, prozesu kolektiboa eskatzen zuenez, kanpo aholkularitza baten bitartez bideratu dute.
Dena dela, zehaztu dute indarkeria matxista kasuen arretan garrantzitsua dela erasoa jasan duenaren nahiak eta beharrak babestea; horregatik, kasu batzuk publiko egiten dira eta beste batzuk ez.
Eskainitako zerbitzuetako datuak
Ahalduntze eskola eta aholkularitza zerbitzu egonkorrak eskaini ditu Saregilek ikasturtean zehar, eta herritar asko gerturatu da. Datuak eman dituzte arduradunek:
- Ahalduntze eskolak: 116 izen-emate ikasturte osoan
- Aholkularitza juridikoa: 33 hitzordu
- Aholkularitza psikologikoa: 50 hitzordu
- Sexu eta bikote aholkularitza: 10 hitzordu (urtarriletik aurrera)
Horrez gain, jatorri ezberdineko emakumeentzako topagunea eta amatasunak partekatzeko espazioa sortu dituzte. Lehen taldean 7-8 emakume inguru elkartzen dira Saregilen hiru astean behin; amatasunari lotutako taldean, berriz, 6-7 emakume biltzen dira; kasu honetan, astean behin.
"Harrera ona" erabiltzaileen artean
Erabiltzaileen iritziak jasotzeko asmoz, galdetegi bat osatu du Saregilek. Ikastaroetan parte hartu duten herritarrei zein Emakume Mahaiko kideei pasa diete. Bertatik jasotako erantzunak positiboak izan dira, bai eskaintza aldetik bai espazio aldetik. "Emakumeen etxeak harrera oso ona izan du herrian, espero genuena baino azkarrago hartu du martxa eta komunitate polita sortu da etxearen inguruan» azaldu dute bertako arduradunek.