Atzo Bilbon, eta gaur Sestaon izan dira Eusko Label eta Euskotren ligetako traineruak. Eskualdeko ontziek oro har emaitza onak lortu dituzte: bigarren, laugarren eta zortzigarren postuetan sailkatu dira, hurrenez hurren, Orioko biak eta Getariakoa. Azkarrenak, berriz, Urdaibai eta Arraun Lagunak izan dira.
Eusko Label ligari dagokionez, laugarren egin dute gaurkoan oriotarrek. Ohorezko txandan aritu da San Nikolas trainerua eta probetxua atera dio; izan ere, Urdaibai, Zierbena eta Hondarribiaren atzetik amaitu badu ere, erdiko txandako onena izan den Donostiarrak baino denbora hobea egin du. Hori bai, azken luzera arte aurretik zihoan Donostiarra. Hala, bederatzi puntu poltsikoratu ditu sailkapen orokorrerako eta ohorezko txanda horretan egonkortzen ari da, jada zazpi puntuko aldea ateratzen baitio bosgarrena den Donostiarrari, hain zuzen ere. Hondarribia hirugarrena, berriz, lau puntu aurretik doa.
Euskotren Ligari erreparatuta, bigarren egin du Oriok, nahiz eta Donostiarrak gertutik jarraitu dion. Bi ontziak segundo bakarreko aldean helmugaratu dira. Arraun Lagunakek nagusitasunez irabazi du, eta menderaezin jarraitzen du. Oriori bederatzi segundoko aldea atera dio helmugan gaurkoan. Nolanahi ere, Sestaon lortutako emaitzari esker, oriotarrak sailkapeneko bigarren postuan kokatu dira berriro; izan ere, Tolosaldea bosgarrena izan da gaurkoan ere Hondarribiaren atzetik.