Bisiguaren Festaren bigarren egunean, elkarte gastronomikoen arteko arrain erre lehiaketa izan da goizean zehar Herriko plazan. Goizean goiz piztu dituzte parrillak antolatzaileek, eta lehiaketako parte hartzaileak heltzerako, arrainak bertan erretzeko prest zituzten.
Osagai garrantzitsuenaren zain egon dira gero: muxarrak, zapoak, bisiguak eta erreboiloak. Izan ere, aurtengoan, zozketaren hurrenkeraren arabera, arrain horien artean aukeratu behar izan dute parte hartzaileek, eta segidan hasi dira kozinatzen. Sukaldean gatzatu eta parrillan jartzeko prestatu dituzte arrainak lehenbizi, eta ikatz goriaren gainean jarri gero. Jende ugari bildu da parrillen inguruan, bisitarien ikusmira piztu baitu hasieratik usainak eta plazan zegoen mugimenduak.
Behin arrainak parrillan eginda, sukaldera itzuli dituzte berriz, eta baratxuriekin erretako olioa bota diote gainetik. Kozinatzen bukatu ahala dastatu dituzte arrainak epaimahaikideek, eta besteak beste, zaporea, itxura nahiz pikante puntua ebaluatu dituzte. Amaitu bezain laster eman dute erabakiaren berri: guztietan onena Alkartetxeko kideek egindakoa izan da, eta oroigarriaz eta txapelaz gain, bazkaritarako bi txartel eskuratu dituzte.