Hirugarren eta laugarren sailkatu dira Orioko traineruak Bilboko uretan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 13a, 20:00

San Nikolas ontzia joan den astean, Zierbenan, jokatutako estropadan. (Aitor Arrizabalaga / Eusko Label Liga)

Eusko Label Ligako ontziak lan txukuna egin du eta azkarrena izan da erakustaldia eman duten Zierbenaren eta Urdaibairen ondoren. Euskotren Ligakoa, berriz, ez ustekoa eman duen Hondarribiaren atzetik geratu da, baina puntu bat kendu dio sailkapenean Tolosaldeari.

Eusko Label eta Euskotren ligetako traineruak Bilboko uretan leihatu dira gaur arratsaldean eta erlojupeko formatuan jokatu dute estropada. Orioko bi ontziak hirugarren eta laugarren sailkatu dira, eta, Zierbena eta Arraun Lagunak izan dira azkarrenak, gaurkoan.

Eusko Label Ligako ontziak lan txukuna egin du eta denboraldiko lehenengo garaipena lortu duen Zierbenaren eta Urdaibairen atzetik amaitu du estropada hamabost segundora. Lehia estua izan dute Bizkaiko bi traineruek eta aldearekin izan dira ohorezko txandako onenak. Hala ere, Hondarribiak baino denbora hobea egitea lortu du Oriok, ia bost segundo azkarragoa izan baita. Hala, hiru puntura murriztu du San Nikolasak Ama Guadalupekoak sailkapenean ateratzen zion aldea eta ohorezko txandako postuetan jarraitzen du.

Euskotren Ligan, berriz, laugarren denbora onena egin du Oriok, baina oso txikia izan da bigarrenak eta hirugarrenak atera dioten aldea; izan ere, segundo bakarreko tartean sartu dira hiru ontziak. Gaurkoan ez ustekoa eman duen Hondarribia izan da Orioren aurretik hirugarren sailkatu den ontzia, hain justu, eta hogei ehunenekoa baino ez da izan bien arteko aldea. Bigarren Donostiarra sailkatu da eta sailkapeneko bigarren postuan Oriok baino puntu bat gehiago duen Tolosaldea bosgarrena izan da gaurkoan. Hala, lehenengo txandan aritu beharko du bihar.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide