Realzaleek autobusa antolatuko dute datorren denboraldian ere Reale Arenara joan-etorriak egiteko

Onintza Lete Arrieta 2024ko uzt. 14a, 10:00

Artxiboko irudian, realzale batzuk Salatxon pandemia garaian.

Aurreko urteetan 25 bazkide inguruk eman izan dute izena, eta oraingoan zale gehiago elkartzea da asmoa. Interesa duenak Uranga burdindegian eman behar du izena, eta informazio gehiago nahi duenak ere hantxe eskura dezake.

Laster hasiko du denboraldia Realak, eta Orioko zaleek autobusa antolatu nahi dute aurten ere Reale Arenako partidetara joan-etorriak egiteko. Zerbitzu hori antolatzen duten hirugarren urtea izango da, eta helburua da bazkide gehiago animatzea Donostiarako joan-etorriak autobusez egitera. "Aurreko urteetan 25 zale inguruk eman dugu izena, Aiatik ere pare bat ere etorri izan dira, eta aurten realzale gehiago juntatzea nahi genuke, autobusa merkeago edukitzeko". Aurten 190 euro kostako da zerbitzua, izan ere, eta zenbat eta bazkide gehiago apuntatu, merkeagoa izango da kuota hori.

Autobusa herriko autobus geltokian hartu ohi dute, "beti partida hasi baino ordu eta laurden lehenago, eta itzulera partida amaitzean izaten da". Puntual ateratzen direla jakinarazi dute.

Autobuserako izen-ematea zabalik dago uztailaren 30era arte Uranga burdindegian, eta informazio gehiago nahi duenak ere bertan galdetu behar du.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide