Artean, Lur argitaletxean zebilen Gabriel Aresti, eta aurrez aurre ezagutu zuenerako liburu batzuk irakurriak zizkion Anjel Lertxundi idazle oraindik hasi berriak. Arestik besarkada bat eman ziola gogoratzen du, eta hitzez hitz errepikatu dezake lehen une hartan egin zion agurra: "Ongi etorri euskal letretara". Lertxundiren arabera, ordea, lehen harrera esaldiaren ondoren, agian ez hitzez hitz, baina halako zerbait gehitu zion Arestik berehala: "Eta ez dakiala ezer gerta!".
Duela hirurogei urte eman zuten argitara Arestiren Harri eta herri liburua, eta urteurren hori hartu du aitzakiatzat EHUko Gabriel Aresti katedrak Gabriel Aresti: Harri eta herri, 60 urte izeneko Udako Ikastaroa antolatzeko, Bilboko Bizkaia aretoan. Eta Anjel Lertxundi eta Joseba Sarrionandia idazleen arteko solasaldia izan da programako ekitaldietako bat. Alex Gurrutxaga EHUko irakasle eta doktoreak gidatu du saioa, eta bertan berritu du Lertxundik Arestik emandako abisua.
Gabriel Aresti «idazle totala» izan zela baieztatu du Lertxundik. Hainbat genero landu zituelako, batetik, baina, batez ere, "kultur pertsona" izaten ere jakin zuelako, eta kultura eta euskara jarri zituelako bere bizitzaren ardatzean. Eta haren eskutitzak aipatu ditu Lertxundik horren adibidetzat. Haren hitzetan, lagunarteko testu horietan ere, nekez agertzen delako literaturarekin loturarik ez duen ezer. «Hori da gehien liluratu nauena»
Artikulu osoa berria.eus webgunean irakurri daiteke.