Orioko Udalak hainbat zehaztapen eman ditu aurtengo txu-txu trenaren inguruan. Zerbitzuaren helburua da "herritarrei Antilla hondartzarako joan-etorria erraztea, autoan joateko beharrik izan ez dezaten". Hala, herrigunearen eta hondartzaren arteko lotura egiten du ordu erdiro, ordutegi honetan: 11:30-14:00 eta 16:00-20:30.
Txu-txu trenaren txartelen inguruan azaldu du udalak uda osoan erabiltzeko bonuak eskuragarri daudela turismo bulegoan, 20 euroan. Indibidualak dira txartelak. Bonuaz aparte, joan-etorriko txartelak ere eros daitezke turismo bulegoan, 1,50 euroan. Joan-etorriko txartelak gidariak berak ere baditu, baina kreditu txartelarekin bakarrik eskuratu daitezke trenean.
Gurpildun aulkiak igotzeko aukera ematen du trenak, baina ez ditu garraio publikoek eskaintzen dituzten erraztasunak: aulkiak igotzeko aldapak, leihoak, aire girotua…Horri lotuta, trenak ez du aukerarik ematen alboetan itxiturak jartzeko eta, beraz, euria egiten duenean, busti egiten da barrualdea.
Aurtengo uda pasatutakoan, herritarren iritzia jasoko du berriz udalak, zerbitzuaren balorazioa egiteko eta aurrera begira nola jokatu erabakitzeko.