Atzo Donostian jokatu zituzte Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak. Gaur, berriz, Bizkai aldera egin dute, Zierbenan jokatu direlako emakumeen zein gizonen estropadak. Emakumeek Edinor bandera zuten jokoan; gizonek, berriz, Petronor bandera.
Zapatuan gertatu bezala, gaur ere hirugarren postua erdietsi du Orioko traineruak. Aurten aurkaririk ez duen Donostia Arraun Lagunakek irabazi du bandera; Tolosaldeak eta Oriok, berriz, borroka polita protagonizatu dute bigarren postuaren bila. Tolosarrak izan dira gaur bigarren eta Orio hirugarren, baina segundo eta erdiko aldea besterik ez da izan urdinen alde.
Lau jardunaldi jokatuta, sailkapeneko hirugarren postuan da Orio 25 punturekin. Liderra orain arteko lau estropadak irabazi dituen Donostia Arraun Lagunak da, 32 punturekin. Bien artean kokatu da Tolosaldea, 27 punturekin.
Gizonetan ere badirudi Urdaibai dela gainditu beharreko kluba. Orain arte jokatutako lau banderak irabazi dituzte bermeotarrek. Gaur ere hala izan da. Orio, berriz, atzo Donostian gertatu bezala, laugarren izan da Zierbenako uretan. Zierbena, bigarren, eta Hondarribia, hirugarren, sailkatu dira oriotarren aurretik.
Emaitza horiei esker, laugarren da sailkapen orokorrean Orioko trainerua, 36 punturekin. Lehena Urdaibai da (48 puntu), bigarren Zierbena (41 puntu) eta Hondarribia hirugarren (40 puntu).
Datorren astean bi bandera jokatuko dituzte, biak ere Bizkai aldean: Bilboko bandera larunbatean eta Sestaokoa igandean.