Arraun zaleek ez dute aspertzeko tarterik izango asteburu honetan ere; izan ere, Euskotren eta Eusko Label ligako traineruek nahiz ETE eta KAE1 ligetakoek bina estropada izango dituzte bihar eta etzi.
Gorengo ligetakoei erreparatuta, joan den astean ekin zioten denboraldiari Galiziako uretan eta etxetik gertu ariko dira orain, Euskal Herrian. Ohi bezala, Euskotren ligakoak izango dira lehiatzen lehenengoak eta 17:25ean hasita egingo dute bihar Donostian. Orio ohorezko txandan ariko da, eta Tolosaldea eta Donostiarra baino azkarragoa izatea, eta ahal dela, Arraun Lagunak menderatzea izango du helburu.
Emakumeen estropada amaitutakoan abiatuko dute gizonena, 18:20 aldera, eta Orio ohorezko txandan ariko da. San Nikolas ontziak ohorezko txanda horri eustea izango du xede.
Igandean, Zierbenan (Bizkaia) ariko dira Euskotren eta Eusko Label legetako ontziak. Lehenengo txandako emakumeak 11:25ean abiatuko dira, eta 12:20ean gizonak.
ETE eta KAE1 Kantabrian eta Bizkaian
KAE1 eta ETE ligetako traineruek ez dute Galiziaraino joan beharrik izaten, baina denboraldiko irteera luzeenetakoak izango dituzte asteburuan: Camargon (Kantabria) ariko dira bihar, eta Portugaleten (Bizkaia) etzi.
Orioren bigarren ontzia lehenengo txandan ariko da bihar 17:00etan hasita, eta bere bere txanda irabaztea izango du xede nagusi, jaitsiera postuekiko aldea zabaltzeko.