Iritsi da eguna. Gaur arratsaldean aurkeztuko dugu Guka Orion, eta UKTk oriotar eta aiar guztiekin ospatu nahi du jaia. Orioko herriko plazan izango da aurkezpen ekitaldia, 20:00etan hasita, Iratz Urkizuk gidatuta. Aurrez, ordea, kalejira egingo da kultur etxetik abiatuta erraldoiekin eta herriko txarangarekin. Eusko Gudarin barrena egingo dute bidea Sarasua erretegi pareraino, eta hortik Baxoaldera jarraituko dute. Eroski aurreko plazan egingo dute geldialdia, eta handik plazara joango dira, han azken saioa egiteko.
Ekitaldia bertsoekin hasiko da, Zaragueta Herri Eskolako eta Orioko Herri Ikastolako ikasleek bertso bana osatu baitute festarako. Ondoren Sukia aita-semeek eskainiko dute beste bertso bana, eta jarraian Gukaren bi kolaboratzailerekin galdera-erantzun azkar batzuk egiteko tartea hartuko dugu.
Ekitaldia Harribilen dantza saioarekin amaituko da, eta jaia borobiltzeko, denek elkarrekin mokadua hartzeko aukera izango dute. Gainera, haur, gaztetxo nahiz gurasoentzako bingo musikatua egongo da, eta sariak ere prestatu ditu Gukak irabazleentzat.
Hona hemen, gaurko Gukakide Festaren egitaraua:
- 19:30. Kalejira erraldoiekin eta Orioko txarangarekin kultur etxetik abiatuta.
- 20:00. Gukaren aurkezpen ekitaldia, Herriko Plazan, Iratz Urkizuk gidatuta. Bertsoak, elkarrizketa motza eta Harribilen dantza saioa
- 20:30. Jan-edanerako txokoa eta bingo musikatua.