Urteroko bazkaria egin du asteburuan Orioko Futbol Taldeak denboraldia lagun giroan amaitzeko, eta ohi bezala, Orioko Herri Ikastolako pergolan izan da otordua. Larunbatean 200 lagun inguru elkartu ziren bazkaritan, eta esan daiteke berezia izan zela, zuzendaritza aldaketa egongo delako aste honetan bertan, eta beraz, ziklo baten amaiera datorrelako.
Izan ere, asteazkenean, hilak 12, ezohiko batzarra egingo du Orioko Futbol Taldeak 19:30ean Salatxo aretoan, eta bazkideek zuzendaritza berria bozkatuko dute bertan. Batzarrak bi puntu izango ditu: batetik, hautagaiek beren burua aurkeztuko dute zuzendaritzara; eta bestetik, hautagaiak bozkatuko dira (bat baino gehiago baleude) edo zuzenean zuzendaritza berria izendatuko da (hautagaitza bakarra balego).