Joan den asteburuan amaitu zuten 2023-2024 denboraldia Orioko futbol klubeko talde guztiek, eta amaierara iristen ari da gaur egungo zuzendaritzaren lana ere. 11 urte egin ditu presidente Harkaitz Agirrek (Orio, 1974), eta 25 urte, berriz, zuzendaritzan, Maria Eugenia Atxegak (Santio Erreka, Aia, 1962). Gaur bertan egingo du klubak ezohiko batzarra –Salatxon, 19:30ean– zuzendaritza berria aukeratzeko.
Zer moduzko denboraldia izan da bukatu berri dena Orioko taldeentzat?
HARKAITZ AGIRRE: Gizonezko seniorrak urte osoan mailaz igotzeko aukerekin ibili dira, baina aurreneko biek soilik dute igotzeko aukera, eta atean gelditu dira. Neskak kadeteak dira, baina seniorretan jokatzen dute, eta kopako finala irabazi dute Astigarragan. Infantil txiki neskek ere kopa irabazi dute. Jubenil mutilak ere ondo aritu dira ohorezko ligan; kategoria zailean dabiltza, eta eutsi egin diote mailari.
Zuk, Maria Eugenia, bi hamarkada daramatzazu Orioko Futbol Taldearen zuzendaritzan. Hondartza aldeko futbol zelaia kentzen eta Mendibeltz eraikitzen ikusi duzu, barrutik.
MARIA EUGENIA ATXEGA: Bai, 2006an etorri ginen Mendibeltzera, eta obrak egin bitartean entrenatzera Zubietara joanez ibili ginen, baita jokatzera ere. Denbora pasatu genuen horrela; bi urte inguru. Gogoan dut lanak azkarrago amaitu zitzaten protesta egin eta udala presionatzeko udaletxe aurrera ere joan ginela hainbat lagun baloi eta guzti. Halako batean bukatu zituzten lanak, eta Mendibeltzera etorri ginen.
Ordurako klubean buru-belarri zenbiltzan, ezta?
M. E. A. : 1999an hasi nintzen ni, Jesus Antonio Makazaga Makatza presidente zela. Hark eskatu zidan laguntza; tira, niri ez, senarrari, baina horrela hasi nintzen.
Geroago sartu zinen zu, Harkaitz, Makatzaren ordez.
H. A. : Bai. Hark hamasei urte eta gero utzi zuen presidente kargua, eta zuzendaritza berria osatu genuen, baina orduko kide batzuk gelditu ziren, tartean Maria Eugenia. Makatzak erreleboa eskatu zuen zeregin guztietara ez zelako iristen, eta nik gauza bera egin nuen duela bi urte, arrazoi beragatik; lanagatik eta, ez naiz iristen. Talde gazte batek erreleboa hartuko digula dirudi, eta guk albo batera egingo dugu.
Urrutira ez zarete joango...
H. A. : Ez, bi alaba eta semea klubean dabiltza, eta Maria Eugeniak jarraituko du futbol zelaiko tabernarekin. Era batera edo bestera, laguntzen jarraituko dugu, hori ziur.
Maria Eugeniak futbol zelai aldaketa dauka gogoan. Eta zuk, Harkaitz?
H. A. : Nik belarra aldatu genuenekoa. Orain hiru urte egin genuen, eta lan handia izan zen hori ere, bai udalarentzat, bai guretzat. Pandemia ere tartean eduki genuen... Era berean, polita izan zen bukatu zenean, lorpen polita. Izan ere, hiruzpalau urte lehenago hasiak ginen udaletxean eta hainbat tokitan alarma joz, ikusita aldaketa behar zela. Izan ere, diru asko kostatzen zen: 300.000 euro inguru, oker ez banago. Obra handia izan zen, baina beharrezkoa.
Kirol arloari dagokionez, helburuetako bat bazen emakumezkoen senior taldea osatzea, baina momentuz ez dago...
M. E. A. : Seniorrak badaude, baina gutxi.
H. A. : Kadeteak ari dira seniorrekin, senior mailan. Orion sekula ez dugu lortu neskekin kategoria guztiak edukitzea, eta erronketako bat da, bai.
M. E. A. : Bi urtez eduki genituen jubenil neskak, baina zaila da gero hori mantentzea eta seniorrekin jarraitzea.
H. A. : Kopurua da arazoa, 11ko taldean jokatzen dutelako, eta horretarako, talde bakoitzeko gutxienez hamasei jokalari behar direlako. Beste herri askotan elkartu egiten dira...
M. E. A. : Goierrin, esaterako.
H. A. : Iaz Zarautzekin eduki genuen hartu-eman hori; komeni da. Horrez gain, hor dago futbol eskola. Zuzendaritzan egondako 11 urteotan saiatu gara hori ondo antolatzen, horrek bere emaitzak ematen dituelako. Mutil kopuru handia dugu futbol eskolan, eta nesketan, pentsa: orain sei urte, beharbada, guztira hiru neska edukiko genituen; orain, 30 ditugu. Kopuru polita da.
M. E. A. : Esaterako, alebin nesketan, gure hiru jokalari joaten dira Realarekin entrenatzera hilean behin edo tokatzen denean. Neska onak daude.
Bazkide asko ditu klubak.
M. E. A. : 500 inguru.
H. A. : Klubari laguntze aldera da; izan ere, sarrerarik ez dugu kobratzen partidak ikusteko.
Afizioa badago; etxeko partidetan ondo ikusten da hori.
M. E. A. : Bai, jende asko etortzen da partidak ikustera.
H. A. : Orain hiru aste Donostiatik etorri zen talde bat, eta jokalari batek esan zidan harrituta zegoela, inoiz ez zuelako hainbeste jenderen aurrean jokatu, kar-kar.
Zerk eman dizue poz gehien urte hauetan?
M. E. A. : Beste klubetakoekin egindako harremanak. Batekin, esaterako, zortzi urte pasatu ditugu elkar ikusi gabe, baina urtero egon gara telefonoz, Gabonetan elkar zoriontzeko eta. Malkoak jauztear, biok.
H. A. : Futbol zelaia aldatzea pozgarria izan zen, eta badaude poza ematen duten garaipenak ere, baina oro har, beste alde batekoak dira oroitzapen politenak; alabekin futbol eskolan ibiltzea, neska-mutilak agurtzea... Pozik handiena da ikustea zuk egindako lana baloratu egiten dutela.
Ekainaren 8an egingo duzue urteroko bazkaria. Aurtengoa berezia izango da...
M. E. A. : Ez dakit, baina nik ez dut nahi berezia izaterik! Ez dut negar egin nahi.
H. A. : Ez dut uste nik negar egingo dudanik, baina... Egia esan, niretzat liberazioa izango da, azken bi urteak zailak egin zaizkidalako. Eta eskerrak Eugenia dagoela! Egunero-egunero hortxe dago; klubean erreferente bat da.