ELAk aurreakordioa lortu du hondartzetako sorosleen hitzarmenean

Onintza Lete Arrieta 2024ko eka. 6a, 13:00

Sorosleen elkarretaratzea, maiatzaren erdialdean Donostian. (ELA sindikatua)

"Lehen aldiz sektoreak hitzarmen propioa" izango du. Hitzarmen osoa aste gutxi barru erredaktatuko dute, eta 2024-2028 arteko indarraldia izango du. Hainbat hobekuntza jaso dituzte bertan; besteak beste, soldatetan igoera.

ELA sindikatuak ohar bidez jakinarazi du aurreakordioa lortu duela Sorosleen Federazio estatalarekin, eta "lehen aldiz sektoreak hitzarmen propioa" izango duela, eta sektoreko 200 langileentzako "hobekuntzak" jasotzen dituela akordio horrek. Pare bat aste barru erredaktatuko dute hitzarmen osoa, eta horrek 2024-2028 arteko indarraldia izango du. ELAren ustez, Gipuzkoako titulartasun publikoko kirol instalazioen hitzarmenarekin lan baldintzak parekatzeko aurrerapauso esanguratsua da. Besteak beste, "soldatetan ekiparazioa lortu da, zehazki, %37,48rainoko soldata igoerak izango dituzte sorosleek".

Horrez gain, hurrengo urteetan %2,75ko igoerak izango dituzte; "horren ostean, urte horietan KPIak izan dituen igoerekin eguneratuko dira, erosteko ahalmena bermatu ahal izateko".

Lehen eta bigarren urteko sorosleen arteko bereizketa kentzea ere lortu dutela azaldu du ELAk, eta "lehen aldiz, garraio plusa ere bermatuta" dagoela.

"Urtean 1.695 ordu lan egiten jarraituko dute, orain arte moduan, baina soldatetak ekiparazio erreala lortu da. Izan ere, lan orduko prezioa lanaldiaren barruan ekiparatzen zaie, kirol instalazioetakoen soldatak erreferentziatzat hartuta", gaineratu du sindikatuak.

Hitzarmen berriak "inaplikazio klausula eta ultraktibitate klausula" ere jasotzen ditu. Hau da, hitzartutakoa betetzen dela ziurtatzen da, eta "2028an sinatzen ez bada, egungo hitzarmenaren aplikazioa ziurtatuta dago hurrengo urteetan".

Sindikatuak azpimarratu du urrats garrantzitsua eman den arren, lanean jarraituko duela langile horien lan baldintzak hobetzen jarraitzeko "helburu guztiak bete arte".

Negoziazio mahaia iazko irailetik

ELA sindikatuak deituta, Gipuzkoako hondartzetan lan egiten duten sorosleen ordezkaritza bat Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratu zen maiatzaren erdialdean hitzarmen propioa eskatuz euren "lan baldintzak parekatzeko Gipuzkoako beste titularitate publikoko kirol instalazioetako langileekin". 

200 langile inguruk egiten du lan sorosle gisa Gipuzkoako  hondartzetan. Zerbitzu hori BPXport, Gurutze Gorria eta Jaso Kirol Zerbitzuak enpresek kudeatzen dutela azaldu zuen sindikatuak, eta 2023ko irailean abiatu zutela mahai negoziatzailea, lehen aldiz sektoreko hitzarmen propioa lortzeko aukera sortu zenean.

Sektorean %85,71eko ordezkaritza du ELAk, eta maiatzean ohar baten bidez nabarmendu zuenez, "hasieratik defendatu" dute Gipuzkoako titularitate publikoko kirol instalazioen hitzarmen kolektiboko lan baldintzen ekiparazioa, "negoziazioen aurretik hori baitzen erreferentziatzat hartzen zen hitzarmena. Izan ere, egun 6.000 euroko aldea dago igerilekuetako eta hondartzetako sorosleen soldatetan. Lanaldiari dagokionez, astean 39 orduko lan jarduna dute, eta ELAk 35ekoa izan dadila eskatzen du". 

Hondartzetako kudeaketa aldundiak eramatea ere eskatzen du sindikatuak, eta ez udalek. ELAren arabera, "ezinbestekoa" da hori, "hondartzetako zerbitzu guztiak baldintza beretan eskaintzeko, Bizkaian egiten den gisan". Gogoratu du 2023ko abenduaren 13an Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran proposamen hori bozkatu eta gehiengoz onartu zutela. "Diputazioak ez du martxan jarri, eta zortzi hilabeteren ondoren, akordiorik gabe jarraitzen dute langileek". Eskaera hori kostako udaletako alkateek ere egina dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide