Autobide azpiko aparkalekuan saneamendu sarea hobetzeko lanak egiten hasi dira

Andrea Zipitria 2024ko eka. 5a, 15:00

Saneamendu lanak autopista azpiko aparkalekuan. (Orioko Udala)

Herriko saneamendu sarea hobetzeko asmotan, ponba bat jarriko du udalak autopista azpiko aparkalekuan. Lanak Sasoi enpresak egingo ditu eta hasiak dira dagoeneko. Uztaileko lehen asterako bukatzea espero da.

Herriko saneamendu sarean hainbat hobekuntza egiten ari da udala. Lanak Sasoi enpresari adjudikatu dizkio, eta orain arte, Arrantzale kalearen bukaeran jardun dute. Datozen asteetan, berriz, autopista azpiko aparkalekuan arituko dira esku hartzeak egiten.

Udalak iragarri duenez, Muntoko pasealekua, skate-parketik Itsas Etxerainokoa, egoera txarrean dago. Azken urteetan, gainera, "okerrera" egin du egoerak; "azpitik doan saneamenduko hodia okertu egin da eta, ondorioz, itsasoko ura sartzen da hainbat gunetan", zehaztu du udalak ohar bidez. Egoera aztertu eta kostuak kalkulatu dituzte, eta kirol portuko aparkalekuan ponpa bat jartzea erabaki da azkenean. Horrela, hondartzako saneamendu sarea hondartza bideko bidegorriaren azpiko sare berriarekin lotuko da eta, hartara, ibai ertzeko hodia baliogabetuta geldituko da.

Lau metroko zuloa

Lanen zatirik "zailena" autobide azpiko aparkalekuari dagokio. Udalak jakitera eman duenez, lau metro sakoneko zuloa egin behar da bertan ponba jarri ahal izateko, eta azpian dagoen hondarrak "ezegonkortasun handia" sortzen du.

Horregatik guztiagatik, aparkalekuaren eremu handi bat hartuko dute langileek –30etik gora plaza–. Guztia ondo bidean, uztaileko lehen asterako lanak bukatuta izango dira, udalaren asmoa baita, "hondartzako denboraldian ahalik eta eragin txikiena izatea".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide