OBBk bigarren itzuliko lehen jardunaldiko bi partidak irabazi ditu

Andrea Zipitria 2024ko eka. 5a, 08:30

OBBkoak pasa den astean jokatutako partidan. (OBB)

OBBk Kataluniako Sant Boi taldearen aurka jokatu zituen bi partidak asteburuan, eta oriotarrek irabazi zituzten bi norgehiagokak.

Orioko Bate Bizkorrak (OBB) sofbol taldeak etxean jokatutako bi partidak irabazi ditu. Hain zuzen ere, Ohorezko Mailako Softbol Liga Nazionaleko bigarren itzuliko lehen jardunaldia jokatu zuten, Sant Boiren aurka. 

Lehen partidaren hasiera "oso parekatua" izan zen taldekideen hitzetan, baina "OBBk neurketako bi lasterketa bakarrak lortuko zituen, kataluniarrek egindako akatsen ondorioz. Nahiz eta Sant Boi markagailua berdintzen saiatu, oriotarrek defentsa ona mantendu zuten, eta 2-0 amaitu zen partida".

Bigarren partidan, etxeko taldea izan zen nagusi, lehenengo sarreratik. "Eraso onak" egin zituzten oriotarrek eta horri eskerrak, 15-0ko aldearekin irabazi zuten.

Taldekideek Igone Etxeberria eta Estibaliz Albarez nabarmendu dituzte. Jaurtitzaile lanagatik, eta eraso onengatik, hurrenez hurren.
 


 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide