Oinezkoentzat jarriko du udalak anbulatorio ingurua

Andrea Zipitria 2024ko eka. 4a, 11:00

Oinezkoentzat jarriko duten eremua.

Bihar, asteazkenarekin, hasiko dira eremua oinezkoentzako izateko, pintaketa lanak egiten. Bestalde, Ikastola aurreko plaza eraberritzeko, herritarrei zuzendutako parte-hartze prozesua abiatuko du laster, udalak.

Orioko Udalak jakitera eman duenez, Arrantzale kalearen azken zatia, Arkaitz tabernaren paretik anbulatorioraino, eta Kaia kalearen anbulatorioaren pareko zatia, oinezkoentzako izatera pasatuko dira. Eremu horien pintaketa lanak, bihar, asteazkenarekin, hasiko dira, eta behin lanak egin ostean, baimendu gabeko ibilgailuek debekatuta izango dute gune horretan sartzea. 

Lanak aurrerago egiteko asmoa zuen udalak, hirigintza proiektuarekin batera. Baina inguruan egiten ari diren obra batek anbulatoriorako sarbidea zailtzen duela iritzita, aurreratu egingo ditu.

Parte-hartze prozesua

Udalak herritarrei zuzendutako parte-hartze prozesua jarriko du martxan Ikastola aurreko plaza "hobetzeko" eta "behar berriei erantzuteko". Ideia lehiaketa zabaldu zuen udalak,  Ikastolako pergolari eraberritzeko, eta zortzi proiektu aurkeztu dira, guztira.  Horietatik guztietatik bost aukeratu ditu udalak; baldintzak betetzen dituztenak. Bada, orain, zein gauzatuko den erabakitzeko parte-hartze prozesua zabalduko du laster.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide