Zaintzaren inguruko bi sentsibilizazio jardunaldi antolatu ditu udal elkarteak

Andrea Zipitria 2024ko eka. 3a, 13:00

Zaintza sektorean lan egiten duten edo egin nahi duten zaintzaileei zuzendutako jardunaldia ekainaren 18an izango da, eta dependentzia egoeran dauden pertsonen sendikoei zuzendutakoa, aldiz, hilaren 19an. Doakoak izango dira saioak, baina aldez aurretik izena eman beharko da.

Zaintzaren inguruko bi jardunaldi antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE). Ekainaren 18an eta 19an egingo dira Zarautzen, Oteitza Lizeo Politeknikoan, eta izen ematea zabaldu dute jada.

Antolatzaileek azaldu dutenez, jardunaldi hauen helburua izango da zaintza sektorea profesionalizatzea eta sektorean kalitatezko enplegua sustatzea. Hala, ekainean, zaintza sektorean lan egiten duten edo egin nahi duten zaintzaileei eta dependentzia egoeran dauden pertsonen sendikoei zuzendutako sentsibilizazio jardunaldiei helduko zaie.

Ekainaren 18ko jardunaldia zaintza sektorean lan egiten duten edo egin nahi duten herritarrei zuzenduta egongo da; 19koa, aldiz, dependentzia egoeran dauden pertsonen familiei zuzenduriko jardunaldia izango da. Biak ere 16:00etatik 18:30era bitartean emango dira, eta Eneritz Acedo gizarte langileak zuzenduko ditu.

Interesdunek aurrez izena eman beharko dute UKUEren 943-89 08 08 telefono zenbakira deituta, lanpoltsa@urolakosta.eus posta elektronikoko helbidera idatzita edo aurrez aurre, udal elkarteko egoitza nagusian, astelehenetik ostiralera bitartean, 8:00etatik 14:00etara. Jardunaldiak doan dira.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide