Herriko zaintza sistemaz diagnostikoa egiten ari da Orioko Udala zenbait eragile eta aditurekin batera, eta sektoreka bilerak antolatzen ari da iritziak eta informazioa jasotzeko. Hala, gaur arratsaldean herriko haurren gurasoekin egingo du bilera. Udalak zehaztu du edozein adinetako haurren gurasoentzat dela saioa.
Emagin elkartekoek gidatuko dute bilera, 17:00ean Kultur Etxean, eta parte hartzeko izena eman behar da. Gainera, haurren zaintza zerbitzua egongo da Txurrumuskiren eskutik. Hemen bete daiteke galdetegi hori, baita zerbitzua eskatu ere.
Orion zaintza ekosistema eraikitzearen helburu nagusia da "gaur egungo arreta eredua birformulatzea, pertsona ardatz duen ikuspegitik". Eredu horrek zaintza behar duten pertsonen bizi kalitatea bilatzen du; horien beharretatik eta lehentasunetatik abiatzen da. Horretarako, "funtsezkoa da herri eragileak inplikatzea eta horren inguruan hausnartzea eta elkar koordinatzea", azaldu du udalak. "Zuen lana eta parte hartzea funtsezkoa da eredu hori garatzeko, eta horregatik antolatu dugu topaketa hau, zuen beharrak, kezkak eta gogoetak jasotzeko. Mezu honen bidez, topagune horretan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu", azpimarratu dute.
Bihar azken saioa
Bihar, osteguna, egingo dute azken bilera, Saregilen 17:30ean, baina hori irekia izango da norbanako eta eragile guztientzat. Komunitate osoari zuzendutako saioa izango da, alegia.
Parte hartzeko hemen eman daiteke izena.