Euskadiko Zailtasun Eskalada Txapelketa aurrena, eta Espainiakoa laster

Onintza Lete Arrieta

Lur eta Manex Guenetxea anaia oriotarrek aurreneko postuak eskuratu dituzte Derion (Bizkaia) jokatutako eskaladako zailtasun txapelketan, eta ekainaren 13tik 16ra bitartean Espainiako Zailtasun Eskalada Txapelketa jokatuko dute Euskadiko selekzioarekin, Madrilen.

Maiatzaren erdialdean Euskadiko Zailtasun Eskalada Txapelketa jokatu zuten Derion (Bizkaia) hainbat kategoriatako 120 eskalatzailek baino gehiagok. Zailtasun eskalada sokarekin egiten dena da, altuera handiko hormak eskalatuz.

Guenetxea aita-seme oriotarrek parte hartu zuten bertan, eta emaitza bikainak lortu ere bai: 14 urtez azpikoetan Lur Guenetxeak irabazi egin zuen eta 18 urtez azpikoetan, Manex Guenetxeak bigarren egin zuen. Eneka Guenetxea aitak, berriz, beteranoetan irabazi zuen. Laugarren oriotar bat ere lehiatu zen Derion: Alain Peña. Horrek 13. egin zuen 14 urtez azpikoetan.

Hurrengo hitzordua Madrilen izango dute Guenetxea anaiek, Euskadiko selekzioarekin lehiatuko baitira Espainiako Zailtasun Eskalada Txapelketan. Ekainaren 13tik 16ra izango da hori.

(Argazkiak: utzitakoak)

 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide