Txu-txu trenaren zerbitzuak berrikuntzak izango ditu aurten. Udalak azaldu duenez, uda osorako bonua erosteko aukera izango da oraingoan, lehen aldiz. Bonuak bihartik aurrera jarriko dira salgai turismo bulegoan, 10 euroan. Ekainaren 24tik aurrera erosten dutenek, aldiz, 20 euro ordaindu beharko dute. Bonuarekin nahi adina joan-etorri egiteko aukera izango da uda sasoian. Helburua da "herritarrek txu-txua erabiltzea hondartzara joateko, autoaren ordez". Bonua eskatzeko, eskaera orri bat bete behar da turismo bulegoan, eta karnet tamainako argazki bat entregatu. Honenbestez, azken urteotan erabili izan diren hamar joan-etorritako bonuak, berriz, kentzea erabaki du udalak.
Bonuaz gain, joan-etorriko txartelak ere salduko dira turismo bulegoan, 1,50 euroan bakoitza. Txartelak momentuan bertan txu-txu trena erabiltzean ere eskuratu ahal izango dira. Gidariak berak ere izango ditu salgai, baina kasu honetan, kreditu txartelarekin bakarrik erosi ahal izango dira.
Txu-txu tren berria
Txu-txu tren berri bat ibiliko da aurten udan, herritarren iritziak jaso ondoren. Gurpildun aulkiak igotzeko aukera emango du. Altuagoa denez, ordea, ez da N-634 errepidearen zubi azpitik pasatzen, eta ibilbidea egokitu egingo da. Honenbestez, hiru geltoki izango ditu ibilbideak: Arrantzale/Abeslaritik abiatuko da, Bikamiotan geldialdia egingo du, eta hondartzaraino joango da, ordu erdiro.
Ekainaren 24tik irailaren 8ra arte izango da martxan, egunero, ordutegi honetan: 11:30etik 14:00era eta 16:00etatik 20:00etara.