Orio Arraunketa Elkarteak aurkeztu ditu klubeko arraunlari guztiak, hasi infantiletatik eta beteranoetara arte, baita entrenatzaileak eta prestatzaile fisikoak ere. Ekitaldi xumea izan da: izenak banan-banan esan eta traineruaren atzean kokatu dira guztiak. Ez da adierazpenik egon, soilik herritarren txaloak.
Izenen artean, ezkutuan lanean fin-fin ibiltzen diren laguntzaileak ere aipatu dituzte, eta haientzat txalo zaparrada eskatu ere bai.
Ekitaldia amaitzeko globo sorta horia zeruratu dute, eta herritarrek trainerua gertutik ikusteko aukera eduki dute. Ohi bezala, denboraldi honetan ere beren aportazioa egin duten herritarren eta familien izenak jarri dituzte traineru barruan, eta hortxe joango dira, paladaz palada, estropada bakoitzean.