Altueretan jolastu dute herriko haurrek eta gaztetxoek Talaimendi elkarteari esker

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 25a, 20:05

Elizatik plazara tirolina egon da, baita elizako horma eskalatzeko aukera ere. Haur eta gaztetxo ugari animatu dira lurretik airerantz egiten Kukuarri Astearen barruko jardueran.

Kukuarri Astearen erdian da Talaimendi mendi elkartea, eta gaur egitarauko ekintzarik ikusgarrienen txanda izan da: eskalada eta tirolina. Izan ere, elizaren altuera erabiltzen du taldeak herriko haur eta gaztetxoak altueretara ohitzeko, eta horiek ez dute aukera alferrik galdu. Hala, 16:00etan hasi eta iluntzera arte, asko izan dira elizatik plazara tirolinan ibili direnak, baita elizaren horma eskalatzera animatu direnak ere.

Boluntarioek emandako azalpenekin, ondo pasatzeaz gain ikasi ere egin dute oriotar gazteek.

Bihar, berriz, Kukuarri Eguna izango da, eta 09:00etan plazan jarri dute hitzordua Orioko tontorrik altuenera taldean joateko. Han elizkizuna egingo dute 11:00etan, eta ondoren pintxoak eta salda emango dituzte.

Kukuarri Asteko azken ekintza ekainaren 2an izango da. Goizean dunetako landare inbaditzaileak kenduko dituzte Herrio taldearekin, eta 12:30ean, hamaiketakoa eginez amaituko dute jarduera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide