OBBk bigarren postuan amaitu du Espainiako ligako lehen fasea

Andrea Zipitria 2024ko mai. 23a, 10:30

OBBkoak borroketako batean. (OBB)

OBBk Valentziako Fenix taldearen aurka jokatu zituen bi partidak asteburuan, eta norgehiagokak estuak izan baziren ere, biak ala biak irabazi zituzten oriotarrek. Garaipenei esker, bigarren postuan amaituko du Espainiako ligako lehen fasea OBBk. Bigarren fasea, berriz, ekainaren 2an hasiko du.

Orioko Bate Bizkorrak (OBB) sofbol taldeak etxean jokatutako bi partidak irabazi ditu. Valentziako Fenix taldearen aurka izan zituen bi norgehiagokak pasa den asteburuan, eta "interesgarriak" izan ziren biak ere taldekideen hitzetan. Izan ere, ordura arte, "oriotarrak bigarren zeuden sailkapen-taulan, eta valentziarrak hirugarren ziren, garaipen bakar batez bereizita". Bi partidak oriotarrek irabazita, sailkapenean gora egin dute etxekoek, eta Espainiako ligako lehen fasea bigarren postuan amaituko dute egungo txapelduna den Rivasengandik bost garaipenetara–. 

Lehen fase honen ondoren, ekainaren 2an hasiko da bigarren fasea, non taldeak bi multzotan sailkatuko diren. Lehen multzoan arituko dira garaipen gehien dituzten sei taldeak –oriotarrak barne–, eta gainerakoak bigarren jardungo dute. 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide