Orio Arraunketa Elkarteak antolatuta, IX. Garagardo Azoka izango da bihar hasi eta igandera bitartean, Orion. Orio Arraunketa Elkarteak, Zipri edari banaketarekin elkarlanean osatu du ekimena, eta "adin zein gustu" ezberdinetako herritarrei zuzendutako egitaraua iragarri zuen atzoko aurkezpenean, Ander Atorrasagastik, OAEko zuzendaritzako kideetako batek.
Bihar izango da Garagardo Azokaren irekiera, eta horrekin batera entregatuko dituzte mirotza sariak. Aurten –iaz ez bezala–aurrez iragarri dituzte omenduak. Horiek izango dira Nadeth Agirre Orioko emakumeen traineruko patroi ohia, eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI herri-kirolaria. Iruretagoienak jasoko du saria, "azken hiru urtetan Euskal Pentatloiko irabazlea izanagatik", azaldu zuen Atorrasagastik. Agirre izan da berriz, "Orion emakumeetan egon den patroi bakarra, eta klubeko emakumeen traineruan fase guztiak bizi izan dituena: hasieratik hasi, egonkortu ondoren, eta goi-mailan irabazle izatera iritsi arte. Orion asko hitz egiten da patroi mitikoen inguruan eta haien pareko ikusiko da Agirre hemendik urte batzuetara", zehaztu zuen Atorrasagastik. Arrauna utzi duen aldetik, urte hauetan guztietan kirol honen munduan egin duen ibilbidea "goraipatzeko" egingo diote omenaldia. Joxean Jaka eskultoreak eginiko oroigarri bana jasoko dute biek.
Aurten, gainera, arraunlarien aurkezpena egingo dute Garagardo Azokaren baitan. Igandean izango da, 12:30ean plazan. Horren ondotik, mirotza zaleen bazkaria antolatu dute, "aurkezpenaren ondoren etxera joan nahi ez duten horientzat". Tiketak aurrez azokan bertan erosi beharko dira, 15 euroan eta menua izango da: natxoak gaztarekin, saltxitxak patata purearekin eta txerri ukondoa. Prezio horren barne sartuko dira bi garagardo. Haurrei zuzendutako ekitaldirik izango da. Mutiozabal Txo-rekin, elkarlanean, haurrentzako itsas arotz tailerra izango da herriko plazan, larunbat goizean.
Prezioak
Bi multzotan sailkatu dituzte azokan eskainiko dituzte garagardoak. Alde batetik, garagardo arruntak izango dira eta litro erdia hiru euro kostako da. Bestetik, garagardo bereziaren litro erdiak lau euro balioko du. Gainontzeko garagardo azoketan bezala, Oriokoan ere garagardoa hartzeko pitxarra erosi beharko da; litro erdiko pitxarra bi eurotan salduko dute.
EGITARAUA
Bihar, ostirala.
- 19:00. Garagardo Azokaren irekiera eta Mirotza sarien banaketa.
- 20:00etan eta 22:30ean. Iñaki Larrañaga eta Imanol Intxausti trikitilariak.
Etzi, larunbata.
-11:00. Haurrentzako itsas arotz tailerra plazan.
- 12:00. Babesle Nagusien II. Bandera.
- 22:00. Hidalgo DJa.
Maiatzak 26, igandea.
- 12:30. Arraunlarien aurkezpena.
-14:30. Mirotza zaleen bazkaria.
-17:00. Hillbilly Jokersen kontzertua