Guka aurkeztu zuen astelehenean Urolako Komunikazio Taldeak, erakundeei zuzendutako ekitaldian, eta, orain, bazkideen, kolaboratzaileen, herriko eragileen eta herritarren aurrean aurkezteko unea heldu da. Izan ere, marka herrira zabaltzeko asmoz, Gukakide festak antolatu ditu UKTk datozen asteetarako. Bost herritan prestatu dituzte jardueraz betetako egitarauak: Azpeitian izango da lehena ostiral honetan. Orion, aldiz, ekainaren 14an egingo da. Azkoitian, Zarautzen eta Zumaian ere izango dira. Ekitaldiak herri horietan soilik egingo badituzte ere, eskualdeko herritar eta Guka markaz gehiago jakin nahi duen oro dago gonbidatuta Gukakide festetara.
Orio
Ekainaren 14a gorde beharko dute oriotarrek, egun horretan egingo baitute Orioko Gukakide festa. 19:30ean kalejiran abiatuko dira erraldoiekin eta Orioko txarangarekin batera, plazarantz. Musikaren erritmoan helduko dira guztiak 20:00 aldera plazara, Gukaren aurkezpen ekitaldira. Bertsoez, komunitateko kideen elkarrizketez eta Harribil dantza taldearen emanaldiaz gozatu ahal izango dute joaten diren guztiek. Indarrak berreskuratzeko, 20:30ean zabalduko dute jan-edanerako postua, eta nahi duenak Gukaren photocall-ean argazkia ateratzeko aukera ere izango du. Horrez aparte, bingo musikatuan jolastuko dute.
Honakoa da Orioko Gukakide festaren egitaraua:
Orio
Ekainak 14, ostirala
- 19:30. Kalejira erraldoiekin eta Orioko txarangarekin.
- 20:00. Gukaren aurkezpen ekitaldia, plazan.
- 20:30. Guneen irekiera: jan-edanerako postuak, photocall-a eta bingo musikatua, plazan.
Gainontzeko herrietako Gukakide festaren inguruko informazioa, hemen.