Maialen Orbañanosek eta June Amilibiak mailaz igotzea lortu dute Zuazorekin

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mai. 21a, 14:00

Zuazoko jokalariak Guerrreras Iberdrola Ligara igoera ospatzen. (Zuazo)

Orio Eraginen hazitako bi jokalariak lehen denboraldia izan dute Barakaldoko taldearekin eta iaz galdutako Guerreras Iberdrola Ligara itzultzea lortu dute. Sasoi honetan bertan aritu den Laida Urbitartek, bien bitartean, kontratua luzatu du Beti Onak taldearekin.

Maialen Orbañanos eta June Amilibia eskubaloi jokalariek Guerreras Iberdrola Ligara igotzea lortu dute Barakaldoko (Bizkaia) Zuazo taldearekin. Iaz jaitsi zen taldea maila horretatik eta Urrezko Ohorezko Mailan hirugarren sailkatu ondoren, Lanzaroten (Kanariar Uharteak, Espainia) jokatutako igoera fasea irabazi dute asteburuan. Partida guztiak irabazita gailendu dira, gainera.

Bada, guztira jokatutako hiru partidetan garaipena lortzeko ezinbestekoak izan dira Orbañanos gaztearen golak; izan ere, bera izan da taldeko golegile nagusi. Hamasei sartu ditu, zehazki. Amilibiak bezalaxe, lehen urtea izan du Zuazon Orbañanosek ere.

Aipaturikoez gain, beste eskubaloi jokalari oriotar batek ere eman du zer esana azken egunotan. Laida Urbitartek, hain zuzen ere. Debuteko urtea izan du Guerreras Iberdrola Ligan Atarrabiako (Nafarroa) Beti Onak taldearekin, eta mailari eustea lortu ondoren, kontratua luzatu diote beste urtebeterako. Atzo jakinarazi zuen klubak bere sare sozialetan. Urbitartek, ligako 22 partidetan hartu du parte eta hogei gol sartu ditu, orotara.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide