Orioko Udalak ohar bidez jakinarazi du hondartza denboraldiko zerbitzua zabaldu egingo duela aurten ere, eta hala, ekainaren 1etik martxan izango da sorospen zerbitzua. Gipuzkoako hondartzetan ekainaren 15etik irailaren 15era egunero egoten da zerbitzu hori, baina hainbat herritan erabakitzen dute lehenago hasi eta beranduago amaitzea sorospen zerbitzua.
Hala, Antilla hondartzan ekaineko lehen bi asteburuetan (ekainaren 1-2 eta 8-9) eta iraileko azken bietan (irailak 21-22 eta 28-29) ere eskainiko du zerbitzua udalak.
Udako denboraldiari begira beste bi egokitzapen egingo ditu aurten udalak: batetik, hondartza inguruko aparkalekuetan topeak jarri ditu bost metro baino luzeagoak diren ibilgailuek –hau da, autokarabanak– aparkatzeko aukerarik izan ez dezaten; neurri horren bidez espaloietako pasabidea bermatuko da. Bestetik, hondartzako iparraldeko dutxak hegoalderako jarriko dituzte, itsasgora dagoenean urak ez ditzan harrapatu. Azken urteetan hainbatetan gertatu dela esan du udalak, eta aldaketa horrekin dutxak uneoro erabilgarri egon daitezen lortuko dela.
Kabina zerbitzua
Bestalde, hondartzako kabinek ere sorospen zerbitzuaren egutegia izango dute; ekainaren 15etik irailaren 15era egunero, eta baita ekaineko eta iraileko gainerako asteburuetan ere. 11:00etatik 20:00etarako ordutegia izango dute, eta komunak eta dutxa hotzak doakoak izango dira.
Aulkiak, surf-taulak eta eguzkitako aterkiak takiletan uzteko aukera ere egongo da, eta prezioak hauek izango dira:
- Aulkiak, paipoak eta eguzkitako aterkiak: eguna, 0,6 euro; astea, 2,50 euro; hilabetea, 7,50 euro; eta denboraldi osoa, 20 euro.
- Etzaulkiak eta surf-taulak: eguna, 1 euro; astea, 5 euro; hilabetea, 13,50 euro; eta denboraldia, 35 euro.