Ibai Makazagak bolada onen jarraitzen du. Zarauzko Mahasti Krosean eta Pagoeta Mendi Lasterketan gailendu ondoren, herriko proban egin du oraingoan, Talai Mendi Trailean, hain zuzen ere. Lasterketaren laugarren edizioa izan da aurtengoa eta bigarrenez irabazi du oriotarrak. Bide batez, iazko arantza kendu du, gainera, bigarren sailkatu baitzen. Emakume azkarrena, aldiz, Laiene Arrospide tolosarra izan da Irune Lertxundi oriotarraren aurretik.
Makazagari erreparatuta, atzera berriro, proba ordubetearen azpitik amaitzea lortu duen korrikalari bakarra izan da 59 minutu eta 28 segundoan geratu du erlojua, zehazki. Hala, handia izan da bigarren sailkatuari atera dion aldea, irabazlearengandik lau minutu eta hamar segundora helmugaratu baita Mikel Usandizaga aiarra. Hirugarrena, berriz, Paul Goitisolo gernikarra izan da 01:04:04 denbora eginda.
Esan bezala, Arrospide izan da lehenengo emakumea helmugan eta ordu bete hamazazpi minutu eta 35 segundo behar izan ditu 14 kilometroko ibilbidea osatzeko, Lertxundik baino minutu bat eta hamabi segundo gutxiago. Podiuma Olatz Salaberrieta azpeitiarrak osatu du 01:19:06denborarekin.
Aipatzekoa da, halaber Ibai Makazaga ez dela izan Makazaga abizena duen eguneko protagonista bakarra; izan ere, Jon Makazagak sari berezia lortu du. Antolatzaileek ibilbideko bigarren kilometroa pasata zintzilikatu duten 8 kiloko urdaiazpikoa jaso du eta harekin eraman du helmugara arte. Alegia, hamar kilometrotik gora egin ditu zamarekin. Hamabosgarren postuan zihoala, hartu du urdaiazpikoa eta 77. helmugaratu da azkenean.