Euskal sindikatuek Palestinaren aldeko mobilizazio eguna deitu dute gaurko SOS Rafah, STOP genocidio, Langileok Palestinarekin lelopean. ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT, LKN, STEILAS, Solidari, EHNE, Hiru eta Etxalde sindikatuek salatu dute "palestinarrak pairatzen ari diren genozidioa Estatu Batuek, Europako Batasunak eta nazioarteko komunitatearen zati handi batek emandako inpunitatearekin".
Datu latzak ere eman dituzte: "Palestinar herriaren aurkako erasoetan 35.000 pertsona baino gehiago hil dituzte, horietatik 14.000 baino gehiago haurrak. Genozidioaren beste urrats batzuk dira, besteak beste, Israelgo armadak Rafah hartzea, zibilen bonbardaketa edota hiria husteko eta, ez dauden arren, herritarrak eremu seguruetara joateko agindua".
Orioko Herri Ikastolako langileek bat egingo dute mobilizazioekin, eta gaur hamabost minutuko lanuztea egingo dute 12:00etatik 12:15era. Lanuzteak irauten duen bitartean zerbitzu minimoak izango dira, "guztion zaintza bermatzeko".