Intza eta Bele, bihar arratsaldeko kontzertuetarako "gogotsu"

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 17a, 14:00

Intza eta Bele proiektuen abeslariak: Intza Unanue eta Lide Hernando.

Orioko plazan zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte bihar arratsaldean Intza Unanuek eta Lide Hernandok, azken horrek Bele proiektu sortu berriarekin. Azken diskoak aurkeztuko dituzte bi abeslariek.

Larunbat arratsaldean Orioko plazan bi kontzertuz gozatzeko aukera izango dute herritarrek, aurrena Intza eta ondoren Bele igoko baitira oholtza gainera 18:30etik aurrera.

Intza Unanue oriotarrak etxean eskainiko du emanaldia, eta harekin batera beste bi oriotar ere izango dira kontzertuan, baterian Ainara Zamakola ariko baita eta gitarran, berriz, Aritz Pardina (Maren Otegi zarauztarrak eta Eric Quinapanta bilbotarrak osatzen dute taldea). Aheri disko berriko kantak aurkeztuko dituzte batez ere, baina baita aurreneko diskoko batzuk ere, Unanuek hedabide honi azaldu dionez.

Herrian aritzeko "gogotsu" dago abeslaria, "azken kontzertua eman genuenetik denbora asko egon baikara isilik emanaldiei dagokienez, denbora hartu nahi genuelako entseatzeko eta kontzertuekiko geneukan ideia hobeto garatzeko". Eguraldiak bihar laguntzea nahiko luke, eta "plazan giro ederra sortzea".

Bigarren taldea, Bele, Lide Hernandoren –Liher taldeko abeslaria– proiektu berria da. Martxoan hasi ziren kontzertuak eskaintzen, eta aurreneko bisita dute Oriora. "Gure seigarren edo zazpigarren kontzertua izango da, eta pozik gaude, hasiera oso polita izaten ari delako", kontatu du.

Hernandok azaldu du "Liherreko rock soinuetatik aldendu" dela Belerekin, eta "musika beltza" dela oraingoa; "soula, funcka... popera pixka bat gerturatu dut". Herrari diskoa ere atera du, 11 abestiz osatua, eta hori aurkeztuko du bihar plazan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide