Hitzarmen propioa eskatu dute hondartzetako sorosleek

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 16a, 17:00

Sorosleen elkarretaratzea, gaur Donostian. (ELA sindikatua)

Titularitate publikoko kiroldegietako hitzarmeneko lan baldintzen ekiparazioa eskatu du ELAk. Udaro 200 langile inguruk egiten dute lan sorosle bezala.

ELA sindikatuak deituta, Gipuzkoako hondartzetan lan egiten duten sorosleen ordezkaritza bat Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratu da gaur. Ekintza honen bidez, sorosleek hitzarmen propioa eskatu dute "euren lan baldintzak parekatzeko Gipuzkoako beste titularitate publikoko kirol instalazioetako langileekin". 

200 langile inguruk egiten du lan sorosle gisa Gipuzkoako  hondartzetan. Zerbitzu hori BPXport, Gurutze Gorria eta Jaso Kirol Zerbitzuak enpresek kudeatzen dutela ere azaldu du sindikatuak. Gaineratu duenez, 2023ko irailean abiatu zuten mahai negoziatzailea, lehen aldiz sektoreko hitzarmen propioa lortzeko aukera sortu zenean.

Sektorean %85,71eko ordezkaritza duen ELAk ohar baten bidez nabarmendu duenez, "hasieratik defendatu" dute Gipuzkoako titularitate publikoko kirol instalazioen hitzarmen kolektiboko lan baldintzen ekiparazioa, "negoziazioen aurretik hori baitzen erreferentziatzat hartzen zen hitzarmena. Izan ere, egun 6.000 euroko aldea dago igerilekuetako eta hondartzetako sorosleen soldatetan. Lanaldiari dagokionez, astean 39 orduko lan jarduna dute, eta ELAk 35ekoa izan dadila eskatzen du". 

Hondartzetako kudeaketa aldundiak eramatea ere eskatzen du sindikatuak, eta ez udalek. ELAren arabera, "ezinbestekoa" da hori, "hondartzetako zerbitzua guztietan baldintza beretan eskaintzeko, Bizkaian egiten den gisan". Gogoratu du 2023ko abenduaren 13an Gipuzkoako Batzar nagusietako osoko bilkuran proposamen hori bozkatu eta gehiengoz onartu zutela. "Diputazioak ez du martxan jarri, eta zortzi hilabeteren ondoren, akordiorik gabe jarraitzen dute langileek".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide