Orio Eragin eskubaloi klubeko Boga Boga infantil taldea Gipuzkoa Kopan murgilduta dabil, eta asteburu honetan etxean Oria Kopa jokatuko du. Partidak larunbat eguerdian izango dira Karela kiroldegian, eta oriotarrekin lehiatuko dira Pulpoko zumaiarrak eta Aloñamendiko oñatiarrak.
Aurreneko partida 12:45ean jokatuko dute Aloñamendik eta Boga Bogak; 13:20ean Pulpo eta Aloñamendi lehiatuko dira; eta 13:55ean, azkenik, Boga Boga eta Pulpo.
Brontzezko domina ligan
Orio Eragineko infantilek liga amaitu berri dute, eta "denboraldi bikaina" egin dutela azaldu dute Yolanda Fernandez eta Joseba Unanue entrenatzaileek. Izan ere, hirugarren gelditu dira ligan, eta brontzezko dominekin etxeratu ziren orain egun batzuk Lezotik (Gipuzkoa), Donostiako La Salleri 16-25 irabazita.
"Lanak bere fruituak ematen dituela ikusteak aurrera jarraitzeko indarra ematen die eta baita guri ere, oso harro gaude taldeaz", azaldu du Unanuek.
Liga amaituta, Gipuzkoako Kopa dago jokoan orain.