Lourdes del Hoyoren erailketaren urteurrenean, "ez dugu ahazten"

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 16a, 10:30

Zarauztik herrira sartzeko biribilgunean "Ezteu ahazten" dioen pankarta ikus daiteke. (Onintza Lete Arrieta)

Gaur urtebete hil zuen bikotekide ohiak Arrantzale kaleko parkearen aurrean, tiroz, eta Orioko sarrerako biribilgunea hura oroitzen duen pankartarekin esnatu da gaur. "Ezteu ahazten" xume batek dena esanda utzi du. Horrez gain, Emakumeen Mahaiak mezu bat zabaldu du sare sozialetan duela urte bateko indarkeria matxista gogoan dutela azalduz, eta halako kasuak desagertarazteko, beharrezkotzat jo dute "lehen mailako arazo politiko" gisa tratatzea gaia.

2023ko maiatzaren 16ko arratsaldean, Arrantzale kaleko parkearen aurreko eserlekuan, Lourdes del Hoyo herritarra tiroz hil zuen haren bikotekide ohiak. Gaur bete da urtea, eta herriko sarrerako biribilgunea –Zarauztik eta Santiotik herrira sartzeko biribilgunea– del Hoyo gogoratzen duen pankartarekin esnatu da.

Bi hitzek –"Ezteu ahazten"– eta emakumeen ikurrak dena esanda utzi dute.

Hilketa matxistak gogor astindu zuen herria, eta urte osoan zehar hainbat alditan izan dute gogoan del Hoyo, bai erakundeek, bai eragileek eta norbanakoek.

Horrez gain, gaur bertan, Orioko Emakumeen Mahaiak mezu bat zabaldu du bere sare sozialetan. Bertan, duela urte bat gertatutako hilketa matxista gogoratzeaz gain, 2003 geroztik indarkeria matxistak, Euskal Herrian, 119 emakume eta 12 haur hil dituela azaldu dute. Horregatik guztiagatik, indarkeria matxistari aurre egiteko, "lehen mailako arazo politikotzat" hartu dadin eskatu dute, eta "autodefentsa feministarako deia" egin dute.

Orioko Herri Ikastolan ere gogoan izan dute orain utebeteko hilketa, eta xingola belzdun bandera moreak zintzilikatu dituzte leihoetatik.

Del Hoyo erail zuten tokian, loreak jarrita gaur arratsaldean. (Onintza Lete Arrieta)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide