"Transmaribolloak Palestinarekin" daudela aldarrikatuko dute

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 16a, 09:00

Ostadarraren koloreko bandera bat, airean.

LGTBIQ+ fobiaren aurkako eguna da bihar, maiatzak 17, eta Urola Kostako Transmaribolloak mugimenduak ekintzak antolatu ditu Orion eta Zumaian. Salatu du Israel pink washing-a egiten ari dela Palestinarekin, eta horregatik erakutsiko diete elkartasuna azken horri.

Maiatzak 17 ditu bihar: LGTBIQ+ fobiaren kontrako nazioarteko eguna da. Hori dela eta, elkarretaratzeak eta bestelako ekintzak antolatu dituzte herri eta hirietan hainbat gizarte mugimenduk, eta aurtengoan, kolektibo horren aldeko aldarrikapenek bat egingo dute beste aldarrikapen batekin: Palestinaren aldekoekin, alegia.

Izan ere, salatu dute Israel pink washing-a egiten ari dela; hau da, Palestinaren aurkako gerran, bere estrategiaren alde erabiltzen ari dela LGTBIQ+ kolektiboa. Urola Kostako Transmaribolloak mugimenduak, ordea, argi du beraiek ezin dituztela erabili "kolonialismoa zuritzeko". Horregatik, bi ekintza antolatu ditu, gaur Zumaian eta bihar Orion, biak 19:00etan. 

Zumaian Kofradia aurrean elkartuko dira gaur, eta Israel eta pinkwashing-a izenburupean, Palestinako queer kolektiboen idatziak irakurriko dituzte, eta tertulia egingo dute. Pintxo-poteaz gozatuz amaituko dute ekintza. 

Orion, berriz, elkarretaratzea egingo dute bihar plazan, LGTBIQ+ fobiaren kontra eta Palestinarekin elkartasunez. Gauerako kontzertuak antolatuta dituzte, gainera, Paka Fest jaialdiaren barruan. Alarma morea, DJ Txankleta eta La fulana igoko dira Etxeluze gaztetxeko oholtzara. Ateak 21:45ean zabalduko dituzte, eta sarrerak bi euroan erosi ahalko dira momentuan bertan.

Bestalde, Urola Kostako mugimendu horrek bat egin du larunbat eguerdian Iruñan Palestinaren alde egingo den manifestazio nazionalarekin. 12:30ean hasiko da protesta hori, Antoniuttitik. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide