Gizon bat herriko kaleetan masturbatzen ikusi dutela salatu du Saregile emakumeen etxeak

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 15a, 11:29

Artxiboko irudian, Ibai Ondo kalea.

Emakumeen etxekoen esanetan, "ez da lehen aldia" gizon hori kalean masturbatzen ikusi dutena, eta "bide judizialaren ordez salaketa publikoa" egin nahi dutela azpimarratu dute.

Saregile emakumeen etxeak oharra kaleratu berri du, salatuz "Orioko gizon bat kalean masturbatzen" dabilela, "lokalen eta portalen aurrean, egun argitan". Azkenengo aldiz Ibai Ondo inguruan ikusi omen dute, arratsaldez, aste tartean. "Ez da lehen aldia kalean masturbatzen ikusten dutena", eta Saregileko arduradunek azpimarratu dute ez dutela halakorik onartuko: "Hau indarkeria matxista da eta delitua da: exhibizionismoa eta sexu jazarpena. Herriak ez du onartuko horrelako erasorik gure kaleetan. Hau denon erantzukizuna da".

Emakumeen etxekoek azaldu dute ez dutela hartu nahi izan bide judiziala, eta horren ordez, "salaketa publikoa" egiten dutela. Herritarrei eskaera zehatza egin diete, horren harira: "Herritarrei proposatzen diegu horrelako egoera baten aurrean baldin badaude pertsona horri aurpegiratzeko egiten ari dena, edo Saregilera etortzeko".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide