Talai Mendi mendi elkarteak Kukuarri Astea antolatu du 11. aldiz, eta larunbat honetan hasi eta ekainaren 2ra arte hainbat ekintza egingo ditu. Aurtengo egitasmoa berezia da, Orioko mendi elkarteak 75 urte bete dituelako.
Larunbatean hasiko da Kukuarri Astea, Talaimendi Trail mendi lasterketarekin. Ikastola aurretik abiatuko dira korrikalariak, eta hantxe amaituko da lehiaketa. 17:00etan hasiko da lasterketa, eta ohiko ibilbidea egingo dute; 13,5 kilometro izango dira guztira, eta 250 korrikalarik parte hartuko dute.
Hurrengo astean, berriz, asteazkenean hasi eta igandera bitartean, egunero egingo dute ekintzaren bat. Igandean izango da egun handia: Kukuarri Eguna.
Bestalde, mendi elkarteko arduradunek jakinarazi dute elkarteko bazkideek rte osoan zehar deskontua edukiko dutela parapentean ibiltzeko, eta informazio gehiago nahi duenak Urruti Sportera deitu beharko du 629 43 68 66 telefono zenbakira.
Egitaraua
- Maiatzak 18, larunbata: Talaimendi Trail lasterketa, 17:00etan ikastola aurretik hasita.
- Maiatzak 22, asteazkena: slackline saioa egingo dute tirolinako parkean, 17:00etan hasita.
- Maiatzak 23, osteguna: orientazio proba izango da GOT taldearekin, 17:00etatik aurrera, Talai Mendiko lokalean hasita. Mapa hartuta, herrian ezkutatutako mugarri eta lekuak aurkitu beharko dituzte. Edozeinek parte har dezake, eta bakarka, familian nahiz taldean egin daiteke.
- Maiatzak 24, ostirala: OCR zirkuitua, tirolinako parkean, 17:00etatik aurrera.
- Maiatzak 25, larunbata:
- 16:00. Rokodromoa kiroldegian, haurrentzat.
- 16:00. Eskalada elizako horman.
- 16:00. Tirolina elizatik plazara.
- Maiatzak 26, igandea, Kukuarri Eguna:
- 09:00. Irteera, herriko plazatik.
- 11:00. Tontorrean, elizkizuna.
- Ondoren, salda eta pintxoak.
- Ekainak 2, igandea:
- 09:30. Dunetako landare inbaditzaileak kenduko dituzte Herrio taldearekin. Eskularruak eraman behar dira.
- 12:30. Hamaiketakoa.